Kapitalismoaren mundu mailako porrotaren fruitu madarikatuak: miseria gehiago, gose gehiago, historian inoiz baino gaixotasun gehiago. Marxek arrazoi zuen proletargoaren erabateko pobretzea iragarri zuenean.

      (Testu hau Justo de la Cuevaren COMUNISMO O CAOS: LA DEPAUPERACION ABSOLUTA DE LA JUVENTUD VASCA (Carta abierta a una joven vasca que hace unos días quemó un autobús en Pamplona) 1996ko abuztuaren 20an amaituriko liburuaren 10. kapitulua da eta 1997ko udazkenerako edizioa prest egotea aurrikusi da.

      Kapituluaren testua:

      Negación vasca radical del capitalismo mundial nire liburuari buruzko mahainguru batean hogei eta hamar hitz baino gutxiagotan labur nezala tentatu ninduten. Esku artean nuen alea ireki nuen 87. orrialdean eta irakurtzen hasi:

      "Zenbakiak aski dira. Munduan sekula ez da gaur adina pobre izan. Eta munduan hainbeste aberastasun sekula ez zen hain esku gutxitan pilatu" .(30)

      Ohar zaitez: hitz urri horietan biltzen da kapitalismoa juzgatzeko funtsezko arazoa, baztertzeko eman daitekeen arrazoi argi eta ulerterrazena. Zeren, Marxek erakutsi zigun bezala, sistemak (gizabanakoak bezala) egiten dutenaren arabera juzgatu behar baitira eta ez esaten dutenaren arabera. Eta kapitalismoak erakutsi digu miseria, gosea, gaixotasuna eta zoritxarra sortzeko gizateriaren historiak ezagutu duen fabrikarik izugarriena izan dela. Kapitalismoaren mundu mailako porrotaren fruitu madarikatuak (gizateria osoarentzat porrota, ez noski kapitalistentzat) gizateriaren Historiak eta Historiaurreak bildu duen pobrezia, min, sufrimendu, gerra, heriotza, gose, izurrite eta miseriaren uztarik oparoena izan da, eta hala izaten jarraitzen du.

      Mesedez. Aurreko bi ahapaldiak berriz ere irakur itzazu. Eta ohar zaitez hor esaten denak topo egiten duela aurrez aurre, ordu oro prentsa, irrati, telebista, katedra, parlamentu eta pulpitoetatik egiten den diskurtso guztiz hedatuaren bidez sinestarazi nahi zaigunarekin. Kapitalismoaren gorazarre egiten duen diskurtsoaren bidez, mundu mailan duen nagusitasunaz, herrien bizimodua antolatu ahal izateko sistema bakarra izateaz, gizakien zorion eta ongizatearen ugaltzean izan duen arrakastaz jantziriko diskurtsoaren bidez. Zenbaitzuk, ez dakigu ondo gorri izateari utzi izanaren lotsaz edo disimulatzeko asmoz, ez dute kapitalismo deitzen, merkatu edo merkatuko ekonomia baizik. Baina begibistakoa da kapitalismoaren garaipen, arrakasta eta abantailez aspertzeko adina kontu entzunarazten digutela.

      GEZURRA. Gezurra. Gezurra. Gezur hutsa. Argi eta garbi esateko: jakinaren gainean esaniko gezurrak. Gertaerek ez dute zalantzarako tokirik uzten. Zenbakiek argi erakusten dute kapitalismoak sistema gisa porrot egin duela, jendearen gutxieneko beharrak ere ez baititu asetzen. Komunistek, iragan mendekoek eta mende honetakoek, munduan famatuak direnek eta ia ezezagunak garenok, arrazoi genuen. Arrazoi dugu. 1848ko Manifestu komunistan eta duela bi urteko nire liburuan. Kapitalismoaren Produkzio Modua etengabeko miseriaren fabrika da.

      " Gauregun munduan gizateriaren historian inoiz baino jende gahiago dago goseak, eta kopurua gorantz doa". 1987an kapitalismoaren porrota adierazten zuen erakusgarri zehatz eta izugarri hori ez zuten komunista batzuek argitaratu, ez. Nazio Batuen Batzar Orokorraren eskaera bati erantzuteko sortu zen Ingurugiro eta Garapenaren Munduko Batzordeak baizik. (31)

      Ohar zaitez: 1995an Osasunerako Mundu Erakundeak egoki adierazi zuen bezala (Osasunaren Munduko Biltzarra zela medio Genevan aurkezturiko txosten batean) txirotasuna munduko gaixotasunik hilgarriena da. Erabateko txirotasuna da munduko hilkortasun eta sufrimenduen lehen arrazoia. (32)

      Begira iezaiozu orain kapitalismoaren fruitu ustelak agertuko dizkizudan erakustokiari. Oroit zaitez lehen estatistikak ezagutu eta erabiltzeko beharraz esan dizudanarekin, eta irakur itzazu kapitalismoak jendearengan pilatu dituen zoritxarrei buruz berriki azaldu diren datu batzuk. Behartu ezazu zure burua irakurtzera eta irudikatzera. Ez da ez erosoa eta ez atsegina ere. Irudikatzen duten mundua kaka zaharra da. Baina den bezala ikusten ez duena, horretaz konturatzen ez dena, alienatua dago. Bere ezjakintasunarekin lepoan daraman lepokoa eta astintzeko erabiltzen duten zigorra fabrikatzen ditu. Eta, ez ikusteaz gain erakusten zaionean ere ikusi nahi ez duena, hori gizatxarra da.

      Datu hauetako gehienak iaz Kopenhagen eginiko (lehen aipatu dudana) Gizarte Garapenerako Munduko Gailurrean (GGMG) aurkeztu ziren. Berriagoak diren datuak nabarmenduko dizkizut letra etzanez jarriz. Ekin diezaiogun, datuak hondamendi motaren arabera bilduz:

      I. Heriotza. Egunero goseak berrogei mila lagun baino gehiago hiltzen ditu. 1993an bost urtez azpiko 12,2 milioi haur hil ziren desnutrizio edo gaixotasunen eraginez. Adibidez 3,7 milioi arnas gaixotasunek jota hil ziren, 3,2 milioi tuberkulosiak jota, 3 milioi beherakoak. Guztiak ere sendagai eraginkorrak dituzten gaixotasunak, eta berrogei pezeta baino balio handiagoa ez izan arren, beren gurasoek erosterik izan ez zituztenak. (33)

      Urtero hirietan hamar bat milioi lagun hiltzen dira uren kutsadurak eragindako izurriteen eta saneamendu-sare eta estolderia gabezien eraginez. (34)

      Urtero behar bezalako laguntzarik jasotzen ez duten erditze eta haurdunaldietan milioi erdi emakume baino gehiago hiltzen dira. 1996an Carol Bellamy UNICEFko zuzendari nagusiak 585.000ko kopurua eman zuen, "hiltzen den emakume bakoitzeko hogei eta hamarrek kalte larriak edo gaixotasunak jasaten dituzte beren bizitzak sufrimendu bilakatuz" datu hau gehitu zuelarik. (35)

      II. Txirotasuna. Mila hirurehun milioi lagun txirotasunean bizi dira (dolar bat baino gutxiagorekin, zuk egunero egunkaria erosteko gastatzen duzuna) eta, Munduko bankuaren arabera, hiru urte barru mila bostehun milioi izango dira. Horietatik erdiak baino gehiago, 700 milioi, ez dira urtean bizitzeko 175 dolarretara (5750 pzt) iristen. Txirotasuna batik bat emakumezkoa da: hamar pobretatik zazpi emakumeak dira.

      Eta, nahiz eta hirian bizi den pobre kopurua 600 milioira iritsi, txirotasuna batez ere -emakumezkoa izateaz gain- nekazal mundukoa da. Gehiago direlako eta pobre izanik ere hirian nekazal inguruneetan baino hiru eta hamar aldiz hobeto bizi direlako PNUDren arabera; honek azalduko luke nekazal inguruneetatik hirietarako emigrazio jendetsua. (36)

      III. Gosea eta desnutrizioa. Bi mila milioi lagunek baino gehiagok bitamina eta mineral eskasia jasaten du bere elikaduran, eta ondorioz, horrek dakartzan gaixotasunak, hala nola itsutasuna eta atzerapen mentala. Elikatu gabeek zazpiehun milioiko kopurua osatzen dute. 1996an kaleratutako datuek 785 milioitan ezartzen dute osasuntsu egoteko egunero behar diren gutxieneko 2.300 kalorietara iristen ez direnen kopurua. (37)

      192,5 milioira iristen da bost urtez azpiko haur elikatu gabeen kopurua. Herrialde txirotuetako lau neskatik batek iodo gabezia du, atzerapen mentalen arrazoi nagusia.

      IV. Edateko uraren eskasia. Bi mila milioi lagunek ez dute edateko ura eskuratzeko aukerarik. Horien artean daude hirian bizi diren bost lagunetik bi. (38)

      V. Etxebizitza falta. Giza Asentamentuetarako ONUren egoitzak kalkulatzen du mundu guztiko mila milioi lagun baino gehiago gutxieneko osasun eta azpiegitura baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzetan bizi direla. ONUk dio bostehun milioi lagun daudela etxebizitzarik gabe edo gaizki eraikitako etxe, txabola, etxola edo barraketan bizi direnak. (39)

      Ehun milioi haur bizi dira (ozta-ozta bizi, heriotzarantz pausoak emanez) aterperik gabe eta hiri handietan eskean.

      VI. Hezkuntzarik eza. Munduan 885 milioi heldu analfabeto daude. Eta 130 milioi haur eskolagabetu (hirutik bi neskak dira).

      VII. Lan falta edo lan gehiegi. 820 milioi lagun daude ofizialki langabetu gisa erroldatuak, 120 milioi, edo azpienplegatuak daude, 700 milio.

      Eta, gainera esklabuak daude. Haur esklabuak. Izan ere Lanaren Nazioarteko Erakundeak, LNEk, esan digu hamar eta hamalau urte bitarteko 73 milioi haur daudela egunero sarraskituak, heziketa jasotzea debekatzeaz gain beraien osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen duen lan batek esklabu bihurtu dituelako. Lan horiek berekin dakarten esplotazio baldintza higuingarriek (batez ere Asian eta Hego Amerikan) esklabu hitza baliabide erretoriko bat izatetik urrun, sekula baino beharrezkoago bilakatu dute haur hauen berri emateko. Eta hori 10 urte baino gutxiago izanik edo, 14 eta 15 urte bitartean izanik lan egiten duten haurrak kontatu gabe; horiek barneratuz gero ehundaka milioi esklaburi buruz hitz egin beharko genuke. (40)

      Ohartzen al zara hamar, ehundaka, milaka milioi lagunek pairatu duten zoritxar beldugarriez, miseria izugarriez, heriotzaz, gaixotasunaz, sufrimendu eta samintasunez beteriko gabeziez ari garela?. (41)

      Joxerra Bustillok, bere datu eta idatziak hemen hainbestetan aipatu baititugu, EGINen azalduriko artikulu bikain eta ordainezin batean, maisuki adierazi du datuen gainean gogoeta egin ondoren sorrarazten diguten laztura edo izua. 10 eta 13 urte bitarteko 73 milioi haur esklabizatuez aipatu berri dugun datu ikaragarri hori komentatuz, honako hau idatzi du:

      "Ziurrenik horietariko asko benetako pribilegiatu batzuk izango dira. Hirugarren munduko herrialde askotan hamar urtetara iristea, lehen munduko haur aberatsentzat jostailuak eginez bada ere, pribilegio handi bat da. Lagun eta anaia ugarik adin hori bete aurretik hil beharra izan dute, gaixotasunen, zenbait gerraren eraginez, eta beraiek bizirik daude gutxienez" (42)

      Hortxe daukazu bada. Horrelakoa da kapitalismoak eraiki digun mundu kakaztua. Hori da bostehun urtetan zehar emandako zabalkuntzaren emaitza; XV. mendeko europar mundu-ekonomia kapitalistaren hedatzetik hasi eta gaur egungo munduko kapitalismoaren garaipen planetariora iritsi arte.

      Zenbakiak aski dira. Zenbakien egia tristeak enpirikoki demostratzen du, kapitalismoaren ondorioz proletargoaren erabateko pobretzearen iragarpenaren balioa. Karl MARXek El Capitalean formulatu zuen iragarpena.

      MARXek El Capitalen Lehen Liburuan formulatzen du "pilaketa edo metaketa kapitalistaren lege orotarikoa, erabatekoa". Lege horrek:

      "Miseria pilaketa sorrarazten du, kapital pilaketaren araberakoa dena. Mutur batean aberastasun pilaketak, era berean, beste muturrean miseria, lan izugarriak, esklabutza, ezjakintasuna, abere bilakatzea eta degradazio morala dakartza" (43)

      "Aldaketa prozesu honen abantaila guztiak monopolizatu eta xurgatzen dituzten magnate kapitalisten kopurua gutxitu ahala, miseria, zapalkuntza, morrontza, degenerazioa, degradazioa jasaten duen masa ugaldu egiten da" (44)

      Nik XX. mendeko MARX deitzen dudan Soziologia irakasle batek, Immanuel Wallerstein deritzanak, MARXen iragarpenaren balio enpirikoa nabarmendu du, argia ikusi eta ehun urte gero ere. Hona hemen zer dioen:

      " Marxista ortodoxoek berek ere lotsaz bazterturik uzten duten tesi marxista defendatu nahi dut, proletargoaren erabateko (eta ez erlatiboa) pobretzearen tesia.

      Lagunen marmarrak entzun ditzaket. Seguru ez duzula benetan hitz egin; seguru pobretze erlatiboari buruz ari zarela. Industriako langilea ez al dago gaur egun 1800ean baino askoz baldintza hobeekin?. Industriako langilea bai, edo bai behintzat industriako langile mordoa. Baina industriako langileek munduko biztanleriaren zati nahikoa ttikia osatzen jarraitzen dute. Nekazal ingurunetan bizi den, edo ingurune hauen eta hiriko auzo pobreen artean dabilen munduko langileen gehiengo izugarria, duela bostehun urte beraien asabek zituztenak baino baldintza txarragoetan dago. Okerrago jaten dute eta zinez dietan oreka gutxiago daukate. Beren bizitzako lehen urtearen ondoren bizirik jarraitzeko aukera gehiago badituzte ere (pribilegiatuak babestera bideratutako gizarte-higienearen eraginaren ondorioz), zalantza egiten dut lehen urtetik aurrera munduko populazioaren gehiengoaren bizi-itxaropenak lehen baino handiagoak direnik; are gehiago, guztiz kontrakoa dela iruditzen zait. Zalantzarik gabe lan gehiago egiten dute: ordu gehiago eguneko, urteko, bizitzako. Eta horren saria guztira lehen baino txikiagoa denez, esplotazio tasa bortizki handitu da". (45)

      Wallersteinek azaldu egin du, oso modu argitsuan halaber, kapitalismo historikoak, kapitalismo erreala, zein modutan garatu dituen (berezko tresna gisa eta kapitalismoa hobeto funtziona dezan) sexismoa eta arrazakeria. Baita zein modutan ere arrazakeria eta sexismo horiek -aldez aurreko fenomenoak (xenofobia eta emakumezkoen menpekotasuna gizonekiko) guztiz okertu eta aldarazten dituzten kapitalismoaren asmakuntzak- ezarri duten kapitalismo historikoaren aurretik sekula existitu ez zen umilazio opresiboaren marko ideologikoa ezarri dute. Funtsean, bai termino materialetan, baita psikikoetan ere (sexismoa eta arrazakeria) erabateko gainbehera egon dela dio.

      Dena den, oso garrantzitsua izanik ere kapitalismoak iraganean egin diguna ulertzea, are garrantzitsuagoa da gaur egun zer egiten ari zaigun eta etorkizunean zer egingo digun uler dezazula. Ondoren, hura salatzen duten pasarte batzuk irakur itzazu. Zutaz hitz egiten dute. Zuri gertatzen ari zaizunaz. Zuri gertatuko zaizunaz. Zuri egiten ari zaizkizunaz. Eta zuri egingo dizutenaz.

      Irakur itzazu, 1995eko "Copenhaguen-eko Deklarazio" horrek bete-betean asmatu egin baitu. Zehazgabetasun terminologikoa, eta beraz, zientifikoa alde batera utzita (zalantzarik gabe obsesiboki antimarxistak diren GKE batzuen errezeloek exigitutakoak), esaterako, "sistema neo-liberal menperatzailea" erabiltzea, besterik gabe "sistema kapitalista" edo "Ekoizpen Modu Kapitalista" erabili beharrean, esan bezala, horrelakoak alde batera utzita, asmatu egiten du.

      Gobernuz Kanpoko Erakundeen Foro Alternatiboak formulatutakoa Gizarte Garapenaren Mundu Gailurraren dokumentu eta erabaki ofizialei buruz jarduteko, asmatu egiten du nahiko ondo adierazten baititu gaurko egoera eta munduaren balizko bilakaera, modu honetan:

      "(Gailurraren) dokumentuak kontuak ematen ez dituzten "merkatu libre eta irekiaren indarretan" oinarritzea, esaterako, nazio mailako eta nazioarteko ekonomiak antolatzeko oinarria, gaur egungo gizarte-krisi globala areagotu egiten du, irtenbiderik topatzen lagundu gabe.

      Sistema neo-liberal menperatzaileak porrot egin du garapenerako eredu unibertsal gisa. Hamardaka herriek duten kanpo-zorra jasanezina da, garapen ekonomikoa eta soziala sortzeko behar duten baliabideak kentzen baitiztiete. Nazioarteko Moneta Fondoak eta Munduko Bankuak inposatutako Egiturazko Doikuntzarako Programek gogor erasotu dute bilakaera ekonomiko eta soziala, soldatak murriztu, ekoizle txikien kontribuzio eta bizimoduak ahuldu eta gizarte-zerbitzuak, batez ere osasun eta hezkuntza mailako zerbitzuak, pobreen irismenetik at kokatzearen ondorioz. Estatuko oinarrizko zerbitzuak deuseztearekin batera, programa hauek oraindik ere zama handiagoa jarri dute emakumeen gain, hauek baitira familiaren elikapen, osasun, ongizate eta harmoniaz arduratzen direnak, komunitatearekiko harremanak ahaztu gabe. Baliabide naturalen esportazio azkarra sustatu, ekonomia desregularizatu eta gero eta pobre gehiago lur baztertuetara bultzaraztearekin batera, egiturazko doikuntzak ingurugiroaren degradazio prozesua arrunt lagundu du.

      Sistema honek, halaber, gero eta botere ekonomiko, politiko, teknologiko eta instituzionalaren konzentrazio handiagoa eta elikagaien zein bestelako oinarrizko elikagaien kontrola ezarri du naziogaindiko korporazioen eta finantza instituzioen kopuru txiki baten esku. Sistema honek hazkuntza ezartzen du beste edonolako objektiboren gainetik, baita gizakien ongizatea ere; ekonomiak suntsitu egiten ditu, suspertu beharrean; astia, lana eta emakumeen sexualitatearen esplotatzailea da. Kapitala bultzatzen du gizarte- eta ingurugiro-kostuak kanpora ditzan. Hazkuntza sortzen du enplegua handitu gabe, langileen eskubideak zapaltzen ditu eta sindikatuen egitekoa erasotzen. Prozesu honetan zehar, sistemak batere proportzionala ez den zamaren zati bat soilik emakumeen gain kokatzen du, beren osasuna eta ongizatea kaltetuz, eta ondorioz, baita hauen ardurapean bizi direnena ere. Azkenik, herrien artean eta herrien barnean baliabide naturalak modu desberdinean bana daitezela eragiten du, eta honek apartheid soziala sortzen du, arrazakeria bultzatzen, gatazka zibila eta gerra sustatzen, eta emakume eta herri indijenen eskubideak erasotzen ditu.". (46)

      Ondo. Nahikoa da. Jadanik ikusi dugu kapitalismoak miseria fabrikatu duela eta horretan diharduela. Orain, miseria fabrikatzearekin batera aberastasuna gutxi batzuen esku pilatu duela eta pilatzen diharduela ikusiko dugu.

      Baina horren aurretik oso oharrarazpen garrantzitsua egin behar dizut: Kapitalismoak Lurran sortutako MISERIARI BURUZKO DATU IZUGARRIAK, hain zuzen, arestian ikusi ditugunak, ERREALITATEAREN EGOERA IZUGARRIA MURRIZTU, EZKUTATU, XAMURTU EGITEN DUTE. Errealitatea datu horiek erakusten digutena baino are larriagoa da. Izan ere, datu gehienen iturriak Gobernuekiko nolabaiteko menpekotasuna dute (baldin eta Gobernuak iturriak berak ez badira). Eta gobernuek beren lotsak eta miseriak ezkutatu, samurtu, gorde egiten dituzte.

      Hala ere, hemen datu horiek erabiltzea erabaki dut, errealitatearen larritasuna samurtu eta murriztu egiten dutela jakinda ere. Etsaiari ahoa itxi ahal izateko egin dut hori. Errealitatea ezkutatu edo neurririk gabe handitzen dudala esaterik izan ez dezan. Eta, baten batek horrelakorik esango balit, nik bere salaketa bertan behera uzteko aukera izan dezadan, bere datuak erabili izanaren ebidentzian.

      Berriz ere diotsut, oso garrantzitsua da Gobernuek beren datuetan errealitatea samurtzen dutela kontuan har dezazula. Horri buruz azken oharrarazpen bat egingo dizut: Duela urte gutxi gobernuz kanpoko erakunde batek lau mila milioi lagun erabateko edo larritasun handiko sufrimendu egoeran zeudela kalkulatu zuen, eta honek askoz ere hobeto isladatzen du miseriaren larritasuna, Nazio Batuetako erakundeen daturik murriztuenak baino.

      KAPITULUAREN OHARRAK

      LORBIDEk itzulia euskarara
      comunismo o caos: el capitalismo mata a la página principal